XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egun aundia Igaratza'koa

Txomin Garmendia

Bazan nora joana agoztuaren 8'an; guk Igaratza'rako bidea artu gendun, eta etzitzaigun damutu.

Urteroko gisara, San Migel Goiangerua ekartzen zuten ermita polit artara eta ori zan arrazoia ainbeste jende biltzeko.

Askoren iritziz, aurtengo onek, orain arteko marka guztiak autsi zitun jendeketarekin.

Eguraldia ere aproposa egokitu zitzaigun eta pozik giñan danak.

Egoardiko 12'tan iritxi zan Goiangerua Igaratza'ra eta ermitaren aterian, bereala Meza-Santua izan zan.

Paraje artan, lizarrak apaingarri genitula Meza entzuteak, grazi berezi bat sortzen zigun.

Zalantzik ez da, zerua ere gertuago nabaritzen dala alako leku batean.

Sermoigilleak, eguneko ebanjelioari lotuz, munduan eta gure errian darabizkigun itsaso zakarrak gogoratu zizkigun.

Baiña Jesus gurekin baldin badegun, Pedro'ri esan zion bezela esaten zigula: ez bildurtu.

Orain, orrek etzula esan nai, pakearen eta fedearen alde lanik egin gabe lasai bizi bear gendunik.

Fedean oztu eta ajolagabetu geranean, ez ote zaizkigu etorri itsasoaren zakarraldirik aundienak danok irentsi naiean?

Ez dago burua asko nekatu bearrik ori ikusteko.

Meza ondorenean, Goiangerua basarkatzea izan zan eta ez pentsa oso erreza zanik ainbeste jenderekin.

Andik aurrera, bazkaltzeko pentsamentuak nagusituko zitzaizkigun.

Mendiak, nai zan ainbat leku eta pake eskeintzen zigun eta guk ondo erantzun genion.

Izan ere alako leku batean, jatekoak eta eratekoak kalean baiño askoz gozoagoak gertatzen dira.

Zer geiago esan nentzake?

Gure mendi eta ermitatxoak ondo zaintzea merezi dutela.

Iñoiz baiño bearrago ditugu aize garbia gaurko gizartean eta ori, mendiak oparo eskeintzen dizkigu.

Saia gaitezen gure aurrekoak erakutsi ziguten sinismenari eusten ere; animako osasunean ezezik, gorputzakoan ere on egingo bai digu.

Konturatuko al gera ontzi guztia urpean izkutatu baiño lenago!

Igaratza'ko Jai orren antolatzailleak pozik ibilli litezke, gauzak erten zaizkien bezela erten zaizkielako.

Aurrerako ere asmo sendoak izango dituzte noski, eta Zorionak.

Mendigoizaletik aparte, artzai-lekua da noski Igaratza; badakigu artzai gizarajoak naiko jeka dirala bizimoduz, baiña kalean ere badegu galtzak bete lan.

Aralar gaiñeko zerutarrak lagun deigula kate gogorrak askatzen.

Bear bada, itsas-ertzetan biltzen den jendearekin ogibidea daukana ez da izango konporme aurten orain arteko udararekin; baiña ganaduak naiko larre badaukatela esan bear.

Danentzat gaitz danik ez omen da iñoiz izaten eta aurtengo udara onengatik ere beste ainbeste esan bearko degu.

Egia izango da oporretara urrutira jende asko jan dala; baiña geure txokotan ere bagaude oraindik bakar batzuk, bestela Igaratza'n, aurrez nion bezela, egin zitekean ainbeste jende bildu.

Urrengo urterako ere, beste ainbeste zori nai genduke.